Euskal Autonomia Erkidegoan LEADER ikuspegia kudeatzeko ardura duen Toki Ekintzako Taldea da MENDINET.
MENDINET Landa Garapenaren Aurrerapenerako Elkartea Toki Ekintzako Talde gisa eratu da, helburu duela Europako Erkidegoaren "LEADER+" ekimena 2000-2006 epean kudeatzea, eta LEADER ikuspegia 2007-2013 epean kudeatzeko aukeratua izan da.
MENDINET Euskal Autonomia Erkidegoko landa-garapenerako elkarteek eta ITSASMENDIKO SA sozietate publikoak osatzen dute.
HELBURUAK ETA ESTRATEGIA
MENDINET Toki Ekintzako Taldeak Europar Batasuneko LEADER programa kudeatzen du, eta azken horren helburu orokorra da EAEko LEADER eremuen garapen sozioekonomikoa bultzatzea, landa-eremuetako biztanleriari eusteko. Helburu hori lortzeko, enplegu-aukerak sustatu nahi dira eta ekipamenduak eta zerbitzuak hornitu, landa-eremuko biztanleen bizi-kalitatea handitzeko. Estrategia berritzailea erabiliko da horretarako, kalitatekoa eta garapen iraunkor integratua duena.
Helburu horiek lortzeko, programa honek EAEko Landa Garapen Programako I. eta III. ardatzetako neurriak gauzatzea aurreikusten du, LEADER ikuspuntuaren bitartez kudeatuta. Taldearen estrategia landa-eremuak garatzean datza, horretarako eskualdeetako landa-garapen programetan jasotako proiektu berritzaileak bultzatuz; MENDINET osatzen duten erakunde guztien arteko benetako sare-lana egingo da, goranzko ikusmoldearen printzipioarekin batera (bottom-up).
MENDINETen estrategia Eskualdeetako LGPetan oinarritzen da, eta hori horrela da, hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoak Landa Garapenerako Legea duelako, Legebiltzarrean 1998an onartua. Lege horrek, helburu orokorrak eta sektore bakoitzarenak zehazteaz gain, landa-garapeneko estrategiak lurraldeka banatu, eta landa-eremua osatzen duten 18 eskualdeei zuzentzen dizkie. Eskualde bakoitzean Landa Garapen Programa bat diseinatzen da, eta proposatutako estrategiak eta ekintzak landa-garapen elkarteek zehaztu eta bultzatzen dituzte. Hortaz, LEADER ekimenaren antzeko ikuspegia erabiltzen da, eta, praktikan, Landa Garapen Elkarte bakoitzak Toki Ekintzako Talde txiki bat bezala funtzionatzen du.

